XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dakigu zer izango duen bere egiazko izena, baña guk emen dantza-soka esango diogu.

Oso aspaldikoa izan bear du onek euskaldunen artean, eta batez ere baserritar jendeari asko gustatu izan zaiona.

Orretarako, zortzi, amar edo geiago gazte elkartzen ziran, eta geienetan erriko kontzejutik ateratzen ziran; askotan, gañera, txuriz jantzita, gerriko eta lepoko gorriakin; eta danak errenkadan, aurretik atabal-danboliñak dituztela martxa politak joaz.

Dantzaririk onena aurretik jarriko zan, eta gero beste onena zana atzetik.

Auei, aurreskua eta atzeskua esaten zitzaioten.

Plazara iritxitakoan, danak alkarri eskutik elduta, buelta bat emango zuten lekua libratzeko, eta an geldituko ziran plazaren erdian.

Orduan danboliñak soñua mudatuko zuen, eta aterako ziran erdira aurresku eta atzesku egiten zutenak.

Alkarri begira jarri eta egingo zituzten dantza, salto eta bigunkeri politak.

Ondoren, danak, aurrenekotik asi ta azkenerañokoak, banaka-banaka plazaren erdira atera ta zortziko bana dantzatuko zuten.

Orduan plazan beste buelta bat eman, eta kuadrillako bi edo lau mutil aterako ziran jende tartera; berak nai zuten neskatx bat erdian artu eta ekarriko zioten aurreskuari, eta utziko zuten plazaren erdian.

Orduan aurreskua zana aterako zan aurrera, eta, bere txapela neskatxari emanaz askotan eskura edo bestela buruan jarriaz, asiko zan neskatxaren aurrean dantzan, dotore asko salto, ostiko eta bigunkeri ederrak ateriaz, neskatxa geldi-geldi eta tente asko mutillaren txapela, askotan gorria, eskuan edo buruan zuela zegoen bitartean, azkenean buruarekin agur polit bat egiñez bukatzeko.